• Norberaren energia-kontsumoaren ehuneko bat eguzki-plaken bidez lortuta, faktura murriztea eta trantsizio energetikoan aitzinera egitea lortzen da.
• Gure etxeko teilatuan plakak paratu beharrean, irtenbide kolektibo bat planteatzen du Berako Energia Komunitateak.
• Apirilaren 27an, astelehenarekin, 19:30ean, Beralandetan, eginen du informazio-saioa.
Kiroldegiko teilatuan eraiki zuen BixtuBera Berako Energia Komunitateak bere lehenbiziko instalazio fotovoltaikoa, udalarekin elkarlanean, eta 2025eko udaberriaz geroztik, bertan sortutako energia berriztagarria Berako 50 etxe eta komertziotara banatzen da, baita udal eraikin gehienetara ere.
Orain, herritar gehiagorengana ailegatzeko asmoarekin, bigarren instalazio fotovoltaiko bat eraiki nahi du BixtuBerak, eta bertan parte hartzeko deia egiten die herritarrei.
Instalazio fotovoltaikoan parte hartzeko, herritarrak (norbanakoak, merkatariak, enpresak…) inbertsio bat egiten du, eta etxean kontsumitzen duen energiaren zati bat instalazioko eguzki-plakek sortutakoa da. Horrek aurrezpen zuzena eragiten du hilabeteroko fakturan, eta trantsizio energetikoan aitzinera egiten laguntzen du, % 100 berriztagarria den energia sortzen laguntzen duelako, deskarbonizazioan sakonduz, eta bide batez, tokiko soluzioak ematen ditu, dependentzia energetikoa gutituz.
Horrelako proiektu bat lehenbiziko eskutik ezagutzeko eta instalazioan parte hartzeko aukerez, betebeharrez, eta bertzelako xehetasunez aritzeko, herritar guztientzat irekia egonen den informazio-bilera antolatu du BixtuBerak heldu den apirilaren 27rako, astelehenarekin, arratsaldeko 19:30ean, Beralandetan.
BixtuBera 2023ko udazkenean sortutako Energia Komunitatea da, irabazi asmorik gabea, eta gaur egun 75 bazkide ditu, herritarrak, merkatariak, ikastetxeak eta udala tartean direla.