Ikusmin haundia sortu du BixtuBeraren lehenbiziko instalazio fotovoltaikoaren inguruko bilkurak

Instalazioan parte hartzeko interesa dutenek urtarrilaren 10erako jakinarazi behar dute

BixtuBera komunitate energetikoak prest du bere lehenbiziko instalazio fotovoltaikoa izanen dena. Berako Udalarekin batera, kiroldegiko teilatuan egin nahi dute inbertsioa, erdibana. Herritarrek aukera izanen dute instalazio horretan parte hartzeko, eta horrek zuzenean eragingo die euren fakturan.

Joan den ortzegunean antolatutako informazio-saiorako ttiki gelditu zen Beralandeta, eta ia 50 lagun bertaratu ziren. Ainhoa Lanz kooperatibako lehendakariak eta Aitor Elexpuru Berako alkateak eta kooperatibako lehendakariorde denak egin zuten aurkezpena. Kooperatiba energetikoaren helburuak gogora ekarri zituzten, eta komunitatea eraikitzearen garrantzia, energiaren inguruan tokiko erantzunak ematea, eta egitasmoak dituen onurak azpimarratu zituzten: ingurumenekoak, sozialak eta ekonomikoak. Gisa berean nabarmendu zuten egitasmoak ez duela helburu finantzariorik.

Kooperatibaren lana eguzki-plakak paratzera mugatuko ez den arren, zirriborratu duten lehen proiektua instalazio fotovoltaiko batena da. Kiroldegiko teilatuko instalazioaren balizko xehetasunak eman zituzten, izena ematen duen jende-kopuruaren arabera alda baitaiteke, eta proiektua idatzitakoan zehaztuko dira kontu guztiak. Nolanahi dela, eta orientabide gisa, Herriko Etxearen menpeko 10 argindar hartune eta partikularren 50en bat hornidura-punturako dimentsionatu dute egitasmoa. Instalazioak 93 kWp-ko potentzia izanen luke, eta inbertsiogileen kontsumo osoaren % 30 inguru estaliko luke. Sortutako argindarraren % 84 inbertsioan parte hartzen dutenek kontsumituko lukete, eta gainerakoa sarera bideratuko litzateke.

Inbertsio osoa 110.000 eurotik goitikoa izatea aurreikusten da, eta erdia Udalak paratuko luke, eta bertze erdia inbertsiogileek. Banaz bertze 1.100 euro inguruko inbertsioa ateratzen da, 6-7 urteko tartean amortizatuko litzatekeena, eta urtean 180 euro inguruko aurrezpena ekarriko lukeena. Baina norberaren kontsumoen arabera aldagarria izan daitezke kopuru horiek, eta azterketa xeheagoa egin beharko da interesa dutenen datuetan oinarrituta. Horretarako, interesa dutenek urtarrilaren 10erako eman behar dute izena, argindarraren azkeneko faktura, eta argindar-kontratuaren titularraren nortasun agiriaren kopia info@bixtubera.eus helbidera bidaliz, edo bixtubera.eus webgunearen bidez. Egitasmoan parte hartzeko derrigorrezkoa da BixtuBerako bazkide izatea, eta oraindik bazkide ez denak webgunearen bidez egiteko aukera du.

Orain interesa agertzeak ez du lotzen inbertsioa egin behar izatera. Datu zehatzen azterketarako datuak emateko konpromisoa agertzen da orain, eta horren arabera kalkulatuko da bakoitzak egin beharreko inbertsioa eta aurrezkia, eta orduan hartu beharko da behin betiko erabakia.

Instalazioa paratzea eta legeztatzea 2024an zehar egin nahi dute Berako Udalak eta BixtuBerak.